Prentsa Aretoa

Berriak

2024/04/13

Euskadiko bizi-kalitatea aldarrikatu du EAJ-PNVk eta inkonformismotik hobetzen jarraitzea hitzeman du orain arte egindakoa suntsitzearekin mehatxu egiten dutenen aurrean

Imanol Pradales Lehendakarigaiak, Iñigo Urkullu Lehendakariak, EBBren buru Andoni Ortuzarrek eta Bizkaiko Hautagai Maitane Ipiñazarrrek Getxon gogoratu dute apirilaren 21an euskal hiritarren ongizatea dela jokoan dagoena, eta zalantzan daudenei eskatu die “exijente izan daitezela, gehiago eska diezagutela …. Baina botoa ematera joan daitezela”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVk Euskadin gozatzen den bizi-kalitatea balioetsi du gaur, baina eraikitako guztia suntsitzeko mehatxua egiten dutenen aurrean, inkonformismotik bizi-kalitate hori bermatzen eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Algortako Geltoki plazan, Getxon, gaur arratsaldean egin den ekitaldian, Imanol Pradales lehendakarigaiak, Iñigo Urkullu lehendakariak, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak eta Maitane Ipiñazar Bizkaiko hautagaiak gogora ekarri dute euskal herritarren etorkizuneko ongizatea jokoan dagoela apirilaren 21eko hauteskundeetan, eta inkesten arabera botoa emateko eskubidea duten lau pertsonatik bat oraindik zalantzan daudela eta erabakia hartu gabe daudela gogoratuz, zera eskatu du “exijenteak izan daitezela, kritikoak izan daitezela, gehiago eska diezagutela ….baina botoa ematera joan daitezela” .

Imanol Pradales EAJ-PNVko lehendakarigaiak aditzera emani duenez, "apirilaren 21eko hauteskunde hauetan Euskadiren etorkizuneko gizarte eredua dugu jokoan. Hurrengo helmugara eramango gaituen euskal hegazkina nork gidatuko duen izango dugu jokoan. Oparotasunean, askatasunean eta etorkizunean haztea dugu jokoan. Edo atzera egitea, ziurgabetasunez beteta eta beti inoren kontrolpean".

Pradalesek gogora ekarri du Euskadin oso bizi kalitatea daukagula, nahiz eta "denek Herriaren eraikuntzaren alde arraun egin nahi ez duten. Aurrera egiteko proiektuak sustatu ditugunean, badira ezetza besterik eman ez dutenak: Ez esan zioten Guggenheim Bilbao museoari, ez metroari, Donostiako topoari, Gasteizko tranbiari, portuak handitzeari, Donostia-Iruñea autobiari, San Mames Barriari, Basque Cullinary Center-ari eta Zabalgarbi eta Zubietari. Inork imajinatzen al du gaur Euskadi zelan egongo zen ezetz haiek onartu izan bagenitu?". Eta, gaur, Pradalesek zehaztu bezala, "ezetza" ere bada Herriarentzat estrategikoak eta aurrerapenezkoak diren proiektuei ematen dioten erantzun bakarra, hala nola itsasadarraren azpiko tunelari, abiadura handiko trenari, Donostiako Basque Culinary center-a handitzeari edo Guggenheim Urdaibairi. "Beti esaten diote ezetz Euskadiren aurrerabideari. Eta Herri honetako garairik gogorrenetan, inoiz ez dute lagundu. Kontra egitea izan da beren jarrera bakarra", adierazi du.

"Euskal gizarteak jakin behar du zein den bakoitzak defendatzen dugun gizarte-eredua. Gure eredua argia da, tolesik gabea. Ongizatean haztea, agenda hirukoitz baten bidez", ziurtatu du lehendakarigaiak, eta mugikortasunaren eta azpiegituren arloko proposamenak zehaztu ditu. "Lehentasuna emango diogu Euskadiko Abiadura Handiko Trenbidearen amaierari, hegoaldeko trenbide-saihesbidea eraikiko dugu eta Bilboko Portuarekin eta Abiadura Handiko Sarearekin lotuko dugu, 5. linea amaituko dugu, eta metroaren 4. linea berria eta Enkarterrirekin duen lotura bultzatuko dugu, Bilboko tranbia Zorrotzaurrera zabalduko dugu eta aireportuen eta portuen kudeaketa lortzeko lan egingo dugu", iragarri du.

Urkullu Lehendakariak adierazi du, "Euzko Alderdi Jeltzaleak erakundeetatik lortu duela Euskadi den bezalakoa izatea. 10 urtetan, 121 lege berri eta autogobernurako 14 eskumen; 3 ospitale berri, 12 osasun-zentro, 3 osasun-ikerketarako zentro eta 26 ikastetxe; gizarte-larrialdietarako laguntzak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzarako prestazioa bikoiztu ditugu; gazteentzako laguntzak 20 aldiz biderkatu ditugu. Gaur egun, Euskadin milioi bat pertsonak lan egin eta kotizatzen dute, eta gazteen langabezia % 30etik % 10era jaitsi da hamar urtean... ". "Imanol Pradalesi eta Euzko Alderdi Jeltzaleari konfiantzazko botoa emateko eskatzen dizuet, Euskadi eraikitzen eta hobetzen jarraitzeko", amaitu du lehendakariak.

Andoni Ortuzar EBBren presidenteak hartu du hitza Pradalesen eta Urkulluren ostean. "Argi dago gauza batzuk hobetu egin behar direla, baina gure bizi-kalitatea ona da eta bermatu egin behar dugu bizi-kalitate hori arriskuan jartzen duten hautagaien aurrean". Gainera, Ortuzarrek azpimarratu du oraindik igandeko hauteskundeei begira % 25 direla zalantzan daudenak, oraindik erabakia hartu gabe daudenak "Lau pertsonatik bat erabakia hartu gabe dago oraindik. Eta inkesta guztiak bat datoz: botoa emango balute, gehienek EAJ bozkatuko lukete. Badakigu zein den gure zeregina. Zalantzan daudenak zein diren antzeman, eurengana hurbildu eta botoa EAJri ematea eskatu". EBBko presidenteak zuzenean hitz egin nahi izan die pertsona horiei, beren konfiantza eskatuz: "Gaur hemendik esaten diet zorrotzak izan daitezela, kritikoak izan daitezela, gehiago eska diezagutela... baina botoa eman dezatela, eta apirilaren 21ean baino, apirilaren 22an zer gertatzea nahi duten pentsatuz egin dezatela. Eta egun horrek egunsenti garbia ekarri behar digu, hodeirik gabea, ziurtasunak, egonkortasuna eta etorkizun oparoa. Horregatik joan behar dugu botoa ematera eta Euzko Alderdi Jeltzalea bozkatzera". "Gobernu on bat behar dugu, Herria zuzenduko duena, jende prestatua, fidagarria, etorriko zaizkigun proba gogorrei aurre egin ahal izango diena. Imanol Pradales patroi behar dugu!", esan du jeltzaleen buruak.

Maitane Ipiñazar Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko hautagai jeltzaleak ere parte hartu du EAJ-PNVk arratsaldean Algortako Geltokiko plazan (Getxo) antolatu duen ekitaldi politikoan. Hautagaiak adibidetzat jarri du Inazio, etxeko laguna, Alderdiak adinekoen beharrei erantzuteko martxan jarriko dituen neurriak zerrendatzeko. “Inazio gizon independentea da, gauzak bere kabuz egiteko gai da”, baina “datozen urteetan nola lagundu ahal izango diogu? Nola erraztuko diogu bizitza?” Eta galdera horiei guztiei erantzuteko EAJ-PNVk proposatzen dituen ekimenetako batzuk zerrendatu ditu. “Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko programa bat jarriko dugu martxan; ahalik eta bizitza autonomoena izaten jarraitzeko lan egingo dugu, ahal den guztietan, etxean; zaintzarik behar izanez gero, hor egongo gara, profesionalizatutako eta kalitatezko zainketa-sistema bat indartzen”, aurreratu du.