Prentsa Aretoa

Berriak

2024/05/23

EAJ-PNVk Hondarribin eman dio hasiera E9rako kanpainari “Europan Euskadiren ahotsa izaten jarraitzeko” asmoarekin

Oihane Agirregoitia zerrendaburu dela eta ‘Indar Berria Europan-Tu voz importa‘ goiburupean, talde jeltzalea izango da ekainaren 9an zazpi euskal herrietan aurkeztuko den euskal alderdi bakarra

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Europan Euskadiren ahotsa” izaten jarraitzeko asmoz eta Oihane Agirregoitia zerrendaburu dela EAJ-PNVk hasiera eman dio gaur ekainaren 9ko Europako Hauteskundeetarako kanpainari. Eta euskal herritarrentzat sinbolismoz betetako leku batean egin du, Hondarribin, Bidasoa ibaitik metro gutxira. “Europa zaharrean, Estatuen Europan eroso daudenentzat, ibai hau muga bat da, lerro banatzaile bat; guretzat, aldiz, ibai honek batzen ditu herri berberaren, Euskadiren, bi ertzak”, ziurtatu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak kanpainaren lehen ekitaldiaren amaieran. Ortuzarrez eta Agirregoitiaz gain, Iñigo Urkullu lehendakariak, Aitana Agirre, Rakel Molina eta Jean Telletxea hautagaiek ere parte hartu dute ekitaldian.

“Harro egoteko modukoa da niretzat, EBBren presidente naizen aldetik, hemen esatea EAJ dela gure nazioan, lurralde guztietan, aurkezten den euskal alderdi bakarra: hauteskunde hauetako zazpiak bat bakarra gara gu”, esan du Ortuzarrek, eta hauteskundeetan parte hartzeko deia egin du, jokoan dagoenaren garrantzia aintzat hartuz. “Leku askotan Europaren aurkako korronte bat zabaltzen ari da, edo, gutxienez, euroeszeptikoa. Populistak eta muturreko alderdiak, ultrak, berdin dio eskuinekoak edo ezkerrekoak izan, nahiago baitute atzera joan. Gure indar guztiekin aurre egin behar diogu horri. EAJ, Euskadi eta CEUS koalizioa hor egongo dira, han egon behar dute, indartsu, irmo, ultrek Europa hondatzea eragozteko. Ezin dugu onartu eta ez dugu onartuko. EAJk, Europarekin, askatasunekin eta eskubide sozialekin, beti”, ziurtatu du. “Hamabost egun ditugu aurretik pertsonak mugitzeko, jendearengana iristeko, jende arruntari bozkatzeko beharra ikusarazteko, eta aukera europazaleei botoa emateko, Abascal, Meloni edo Le Pen izan ez daitezen Europa hondamendira eramango dutenak. Euskadik mezu argia bidali behar du EAJren eskutik: Euskadi, Europa batu, indartsu, ireki eta solidario baten alde, Herrien Europa, askatasunen Europa”, amaitu du.

Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko hautagai eta Europa Solidarioaren aldeko CEUS-Koalizioaren zerrendaburua “ilusioz beteta” agertu da hauteskunde-kanpainaren hasieran. “Bi aste ditugu gure proposamenak lau haizeetara azaltzeko, hauteskunde hauen garrantzia azaltzeko eta Izaskun Bilbaok 15 urte hauetan Bruselan egin duen lana goraipatzeko”, ziurtatu du. Agirregoitiak gaurkoa aprobetxatu du nabarmentzeko alderdi jeltzaleak kanpaina Hondarribin hasi duela Makroeskualde Atlantikoaren sorrera aldarrikatzeko. “Eskatzen dugun Makroeskualdearen bihotzean gaude. Atlantikoaren inguruan bizi garen nazio eta eskualdeek Europan protagonismoa izaten jarraitzea nahi dugu. Europan indarra irabazteko aukera dugu, Euskadiren ongizatean aurrera egiteko “, adierazi du.

“Euskadik Europarentzako proiektua eta bisioa defendatzen ditu”, hasi da Iñigo Urkullu Lehendakaria. Eta gaineratu du: “Ibilbide batek bermatzen gaitu: EGEF funtsen kudeaketa eta, orain, Next Generation funtsen kudeaketa Euskaditik burutzea nahi dugu; mugarik gabeko Europa defendatzen dugu eta, orain, Euroeskualdearen proiektua ere bultzatzen dugu; legegintza eskumenak ditugun Eskualde eta Nazioen parte-hartze zuzena sustatzen dugu; eta Makroeskualde Atlantikoa instituzionalizatu nahi dugu, arreta- eta erabaki-gunea gure herrira erakartzeko”. Urkulluk esan duenez, “Euskadik beti defendatu ditu kultura aniztasuna, euskararen ofizialtasuna eta Europaren sorrerako printzipioak. Apaltasunez, Europako proiektuari gure ekarpen eraikitzailea egiten jarraitu nahi dugu”, adierazi du.

Aitana Aguirre hautagai gipuzkoarrak gazteak Europaren alde bozkatzera deitu ditu. “Gure esku dago etorkizuneko Europa nolakoa izango den erabakitzea; gazteon esku dago, gure botoaren bitartez, orain arte ezagututako ongizate eredua hobetzeko zerbait egitea edota eraikitakoa suntsitzea”, azaldu du. “EAJn eta EGIn argi dugu: guk giza eskubideen alde, naturaren alde, berdintasunaren alde, lehen sektorearen alde, euskararen alde egingo dugu! Gazteon alde egingo dugu! Euskadiren alde egingo dugu!”, bukatu du.

Jean Telletxea EAJ-PNBko hautagaiak bere hitzaldiari hasiera eman dio gogoratuz “aste honetan gure lurraldea bizikletaz zeharkatu dugula Europa erreala aurkitzeko”. Ibilbide horien ondorioz, “Ipar Euskadi egiten duten pertsona horiekin guztiekin” hitz egin dute, eta “tokiko Europa defendatzen saiatu gara”, non “gure herrialdeen, kulturen eta hizkuntzen aniztasuna europar nortasunaren oinarria den, Europako demokraziaren oinarria, eta guztiekiko tolerantzian oinarritzen den”.

Rakel Molina Arabako hautagaiak gaurko ekitaldian dei egin nahi izan die hauteskundeetan lehen aldiz botoa emateko aukera izango duten gazteei, eskubide hori gauzatzera animatzeko. “Horretara animatzen ditut. Europaren etorkizunaren diseinuan parte hartzera, etorkizuna garelako, gu garelako nahi dugun Europa inklusibo eta anitza garatu behar dugunak”. Molinak gazte horiei gogoratu dienez, “aitita eta amamek lau hamarkada luze eman zituzten botoa eman ezinik, aukera hori lapurtu egin zietelako. Errotik kendu ere, erantzuteko eskubidea ukatuz, gaurko garaira egokituta egunotan berriro gaurkotu diren argudioekin”.