Prentsa Aretoa
Berriak
2024/12/24
EAJ-PNVk uste du “justiziazkoa eta historikoa” dela Espainiako Gobernuak Pariseko Avenue Marceauko eraikinaren titulartasuna aitortu eta itzultzeko hartutako erabakia
Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza izandakoaren itzulera alderdi jeltzaleari, Memoria Demokratikoaren Legea eta Pedro Sánchezen eta Mariano Rajoyren Gobernuek hartutako konpromisoak betez

Euzkadi Buru Batzarrak ezagutu eta ospatu du Espainiako Gobernuak EAJ-PNVri Pariseko Avenue Marceauko eraikinaren titulartasuna aitortu eta itzultzeko hartu duen erabakia. Eraikin hori alderdi jeltzaleak 1936an erosi zuen, eta urteetan erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zen. EBBren ustez, gaur goizean Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu den erabaki hori “justiziazkoa da, inolako zalantzarik gabe onartzen baitu eraikina EAJ-PNVk erosi zuela, eta historikoa da, EAJ-PNVk hainbat hamarkadatan planteatu duen bidezko aldarrikapen bati erantzuten baitio”. Ildo horretan, Exekutiba jeltzaleak zoriondu eta eskertu nahi izan du “EAJ-PNVko dozenaka karguk eta militantek urte hauetan egin duten lan nekeza, aldarrikapen honen garra bizirik mantenduz. Gaur ezagutu dugun erabakia denbora guzti honetan egin duten lan handiari egin ahal zaion errekonozimendurik eta omenaldirik onena da”.
Atzo, astelehena, Ministroen Kontseiluak erabaki zuen, Memoria Demokratikoari buruzko 20/22 Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarria betez, “Parisen (Avenue Marceau 11) dagoen Estatuko Administrazio Orokorraren titulartasuneko higiezinaren jabetza Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco alderdiari esleituko zaiola, eraikinak alderdi horrekin duen lotura historikoa kontuan hartuta”. Higiezinaren jabetza “berehala” eskualdatzen zaio EAJ-PNVri, baina eraikina gaur egun Cervantes Institutuak okupatzen duenez, eta errendimendu osoz, erabaki da erakunde horrek erabiltzen jarraitu ahal izatea Gobernu zentralak 2030eko abenduaren 31ra arte ezarri duen aldi iragankor batean. Denbora horretan, Espainiako Gobernuak “merkatu-errenta” ordainduko dio EAJ-PNVri eraikinaren erabilera eta gozamenagatik. Halaber, Ministroen Kontseiluak atzo erabaki zuen, Memoria Demokratikoaren Legea betez, “Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista vasco konpentsatzea Noyoneko Hotel de Mont Renaud eta Companseko Ferme de l’Hotel de Dieu higiezinak kentzeagatik, biak Frantzian”.
Euzkadi Buru Batzarrak biziki baloratzen du Espainiako Gobernuaren erabakian inguruabar garrantzitsu batek eragin erabakigarria izatea: erabat frogatuta dago Eusko Jaurlaritzak erbestean erabili bazuen ere, Avenue Marceauko eraikina EAJ-PNVk erosi eta ordaindu zuela. Erosi ahal izateko transferentzia 1936ko irailaren 12an formalizatu zen, Eusko Jaurlaritza artean existitzen ez zenean. Lehen Eusko Jaurlaritza hura legez sostengatu zuen Autonomia Estatutua ere ez zen oraindik onartu. Eskatu dituen txostenetan, Espainiako Gobernuak modu frogagarrian egiaztatu ahal izan du eraikinaren hasierako erosketa ordaintzeko erabili ziren funtsen jatorria ez zela Eusko Jaurlaritza, baizik eta 1936an bildu zirela eta EAJk kudeatu zituela.
Ministroen Kontseiluak Memoria Demokratikoaren Legea betetzeko hartu du erabaki hori, zehazki, ‘Atzerrian konfiskatutako ondasun eta eskubideei’ buruzko Bederatzigarren Xedapen Gehigarria betetzeko. Halaber, EBBk gogorarazi du EAJ-PNVri Avenue Marceauko eraikina itzultzea Mariano Rajoyren Gobernuak alderdi jeltzalearekin hartutako konpromisoa zela, eta ezin izan zuela bete, Alderdi Sozialistak aurkeztutako zentsura-mozioak aurrera egin zuelako. Legebiltzarreko izapide hartan jeltzaleen babesa lortzeko elkarrizketetan, Pedro Sánchezek konpromisoa hartu zuen EBBko presidente Andoni Ortuzarrekin Rajoyren Gobernuarekin aldez aurretik adostutako gai guztiak errespetatu eta betetzeko, eta, beraz, Avenue Marceauko eraikina lehengoratzea Espainiako Gobernuko egungo presidentearen konpromisoa ere izan zen.
Nabarmenak...
Kongresua
2025/03/26
Bizkaia
2025/03/26
SESTAO
2025/03/25
EBB
2025/03/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
EBB
2023/11/25