Prentsa Aretoa
Berriak
2025/05/31
Iñigo Ansolak Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Alderdikide Egunean aldarrikatu du EAJ-PNV dela “egiten duen alderdia” eta ez “kontakizunetara mugatzen den horietakoa”
Eskualdeko alderdikideen ordezkaritza zabalak bat egin dute gaur goizean Muskizen, alderdikideen eguna ospatzeko. Bertan, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea, eskualdeko afiliatuak, aipamen berezi bat jaso dute.
Alderdikideen ordezkaritza zabal baten babesarekin, Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarraren presidenteak Muskizen dei egin du gaur goizean “alderdiaren indar guztia aktibatzeko, egindakoa berrikusteko, egiteke dagoena fintzeko eta kalera bueltatzeko; herriz herri, auzoz auzo”. Adierazpen horiekin aldarrikatu du EAJ-PNVk Bizkaia eta Euskadi eraikitzen jarraitzeko hitzemanda daukan konpromisoa. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Alderdikide Egunean egin den ospakizunean Ansolak azpimarratu duenez “Alderdia ez da kontakizunetik bizi, egiten duenetik baizik”, eta alderdikideei eskatu die kaleetara bueltatzeko, herrikideei entzuteko, haiekin partekatzeko eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko. Ildo beretik nabarmendu duenez “lan hau ez du inork gure ordez egingo”, alderdikide bakoitzak egin beharko baitu, batzoki bakoitzak, zinegotzi bakoitzak eta tokiko arduradun bakoitzak. “Hauteskundeen artean EAJk ez du atsedenik hartzen; EAJk egunero egiten du lan”, azpimarratu du, konpromisoa, hurbiltasuna eta ekimena oinarri dituen politikagintza defendatuz. “Badakigu nola egin: buruarekin eta bihotzarekin. Ikuspegi argiarekin eta erantzukizunez. Uriz uri, herriz herri, harriz harri... etxea sendo, herria bizirik!”.
Ospakizuna jai giroan egin den arren, Ansolak ez du atzo Bilbon neskatila bat erail zutela ahaztu nahi izan. Beraz, bere lehen hitzak izan dira “gaitzespen irmoa, haserrea eta tristura” adierazteko. Ansolak salatu duenez, “neskato bat emakume bat kaltetzeko erabiltzea indarkeria matxistaren modurik basatiena eta gupidagabeena da”. Emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea lehentasun politikoa eta premia morala dela berretsi du.
BBBren presidenteak mezu zuzena helarazi nahi izan die “gobernatu gabe modan daudenei”. EH Bilduri leporatu dio zarata eta anbiguotasunaren atzean babestea, bere proiektua ez definitzeko. “Ez dute egiten benetan egin nahiko luketena. Eta horregatik, ez dute egiten eta besteoi ere ez digute egiten uzten”, salatu du. “Ez dira bustitzen, ez dira definitzen. Eta aurpegia erakutsi behar denean, aldendu egiten dira”, azpimarratu du. Jarrera horren aurrean, EAJ-PNVren eredua defendatu du, “kudeatu, negoziatu eta erabakitzen duena”, izan ere, “hori da gobernatzea: erakunde-sena eta benetako erantzukizuna izatea”. PP alderdiarentzako hitzak ere izan ditu eta “gorrotoaren bidetik” jokatzen jarraitzea leporatu dio, Euskadi oparoagoa eraikitzen lagundu beharrean. “Bidean harriak jartzen jarraitzen dute, eraikitzeko erabili beharrean. Eurek jakingo dute! Herriak lankidetza, aurrerapena eta ulermena espero ditu, EAJ eredua”.
Gaurko eguna izan da, batez ere, eskualdeko alderdikideei gorazarre egiteko eguna. Aintzatespen berezia egin zaie EBBren presidente ohi Andoni Ortuzarri “Alderdiaren iparorratza politikari eta pertsona gisa, bere ikuspegiagatik, izaeragatik eta bateratzeko gaitasunagatik” eta EBBren Antolakuntza burukide ohi Joseba Aurrkoetxeari “antolakuntzaren arima eta alderdikide nekaezina, egon den tokian komunitatea egiten lagundu baitu, Alderdiari egitura eta indarra emanez”. Halaber, Uri Erakundeek alderdikide bana aukeratu dute, askotan anonimotasunetik eta erantzukizun, ibilbide eta bizitzako etapa desberdinetatik, EAJ-PNV alderdi politiko bat baino askoz gehiago izatea ahalbidetu duten guztien sinbolo gisa. “EAJ-PNVk Ezkerraldean eta Meatzaldean sustrai sendoak izan zitzan, Trantsizioko momenturik gogorrenetan, krisi industrialean edo indarkeria gorenean zegoenean, konpromisoari eutsi zion belaunaldi oso baten ordezkari zarete. Eskerrik asko, bihotzez”, esan du Ansolak.
Muskizeko San Juan plazak Ezkerraldeko eta Meatzaldeko bederatzi uri erakundeen ordezkaritza zabala hartu du gaur goizean. Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarraren presidentearekin batera, bertan izan dira Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Joseba Díez Antxustegi eta Manu Tejada EBBko burukideak, eta Alfonso Aliende, Ane Támara, Leire Urtasun eta Jane Eyre Urkieta BBBko burukideak. Ondoan izan dituzte, halaber, Imanol Pradales Lehendakari eta Santurtziko alderdikidea; Alberto Martínez Ruiz, Osasun sailburua ; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia, eta Ager Izagirre eta Ainara Basurko foru diputatuak; inguruko udalerrietako alkate, zerrendaburu eta zinegotzi ugari, eta dozenaka alderdikide eta alderdizale, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxearekin batera, jakina.
Nabarmenak...
Senatua
2025/10/07
Eusko Jaurlaritza
2025/10/07
Bizkaia BBNN
2025/10/02
Eusko Legebiltzarra
2025/10/02
Eusko Legebiltzarra
2025/10/01
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/05/22