Prentsa Aretoa
Berriak
2026/06/03
Meatzaldeako EAJ-PNVk alegazioak aurkeztu ditu etorkizuneko Bizkaibus zerbitzua hobetzeko eta eskualdeko mugikortasuna indartzeko
Abanto-Zierbenako, Muskizko, Ortuellako, Trapagarango eta Zierbenako Uri Buru Batzarrek proposamen zehatzak helarazi dituzte aurreproiektua herritarren benetako beharretara egokitzeko.
Meatzaldeko EAJ-PNVk hainbat alegazio aurkeztu ditu azken asteotan Ezkerraldea-Meatzalderako aurreikusitako Bizkaibus zerbitzuaren emakida-eredu berriaren aurreproiektuari, eskualde osoan maiztasunak, konexioak eta lurralde-estaldura hobetzeko helburuarekin.
Jeltzaleek lasaitasun mezua helarazi nahi izan dute udalerri batzuetan sortu den kezkaren aurrean, gogoraraziz Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako dokumentua oraindik azterketa eta parte-hartze publikoko fasean dagoela.
“Prozesu ireki baten aurrean gaude, eta alegazioek, hain zuzen ere, eraginak edo behar berriak sor ditzaketen gaiak aztertu, zuzendu eta hobetzeko balio dute. Ez dago erabaki itxi edo behin betikorik”, azaldu dute Meatzaldeko EAJ-PNVtik.
Alderdi jeltzalearen ustez, guztiz zilegi da herritarrek ordutegien, ibilbideen edo loturen inguruko kezka eta ekarpenak plazaratzea. Hala ere, deitoratu dute alderdi batzuk “nahasmena eta alarma soziala” pizten saiatzea, oraindik behin betikoa ez den aurreproiektu tekniko bat azken erabakia balitz bezala aurkeztuz.
Ildo horretan, Meatzaldeako EAJ-PNVk nabarmendu du bere lana garraio publikoaren etorkizuneko zerbitzua hobetzeko proposamen zehatzak, bideragarriak eta oinarri sendoa dutenak lantzera bideratuta dagoela.
Aurkeztutako alegazioen artean, honako hauek nabarmendu dituzte udalerri bakoitzean:
Abanto-Zierbenaren kasuan, proposamenek bereziki jasotzen dute igande eta jaiegunetako maiztasunak handitzeko beharra, Bilborako A3340 linea hobetzea, Parke Teknologikorako zerbitzu gehiago eskaintzea eta A3333 linearen ordutegiak zabaltzea Portugalete, Santurtzi eta Metro Bilbaorekin lotura hobetzeko. Era berean, Bizkaibusen eta Metro Bilbaoren arteko tarifa-integrazioan aurrera egiteko eskatu du udalerriak. Horrez gain, udalerriak Bilbon A3340 linearen egungo geltokiak mantentzea eskatu du edo, bestela, erabiltzaileei kalterik eragingo ez dien tarifa-integrazio osoa ezartzea.
Muskizek, bere aldetik, jaiegunetako eta gaueko zerbitzuak indartzea, Bilborako maiztasunak handitzea eta Gurutzetako Ospitalearekin nahiz EHUrekin lotura hobetzea jarri ditu lehentasunen artean. Era berean, Metro Bilbaorako anezka eraginkor bat aztertzea eta Pobeña, Kobaron zein El Haya auzoetako mugikortasuna hobetzea proposatu du. Halaber, Bizkaibusen, Metroaren eta Renferen arteko benetako tarifa-integrazioan aurrera egitea eskatu du.
Ortuellak eskatu du A3340 linea herrigunetik igaro dadila Bilborekin zuzeneko lotura bermatzeko, eta geltoki berriak jartzea Etxezurin eta Granada industrialdean, gaur egun behar bezala konektatuta ez dauden bizitegi eta industria eremuen mugikortasuna hobetzeko. Horrez gain, A3333 linearen ordutegiak eta maiztasunak handitzea proposatu du asteburuetan, baita Metro Bilbaorekin tarifa-integrazioa sendotzea ere.
Trapagaranek, berriz, linea desberdinen arteko ordutegiak hobeto koordinatzeko eta Metro Bilbaorekiko loturak optimizatzeko hainbat proposamen aurkeztu ditu, bereziki igande eta jaiegunetan zerbitzurik gabeko tarte luzeak saihesteko eta intermodalitatea indartzeko helburuarekin. Gainera, A3338, A3336, A3332, A3331 eta A2336 lineei lotutako alegazioak aurkeztu dira, Bilbo, Portugalete, Santurtzi eta Eskuinaldearekin dauden lotura estrategikoak mantentzeko eta EHUra doan unibertsitate-zerbitzua indartzeko.
Zierbenak, azkenik, A3321 linea indartzea du ardatz nagusi, urte osoan 30 minutuko maiztasuna bermatzea eta beharrezkoa denean zerbitzu osagarriak ezartzea proposatuz, esaterako Somorrostro Formakuntza Zentroko sarrera eta irteera ordutegietan. Era berean, udalerriak auzo guztiak Meatzaldearekin hobeto lotzeko aukera aztertzea planteatu du, A3338 linea Portutik abiatzeko aukera kontuan hartuta. Horrez gain, A3340 eta A3336 lineek hondartzatik irteera jakin batzuk egitea proposatu du ordutegi zehatzetan, gaur egun udan egiten diren ibilbideak eredutzat hartuta. Azpimarratzekoa da herri honek Bizkaibus bakarrik duela garraio publikoko zerbitzu gisa.
Meatzaldeako EAJ-PNVk azpimarratu du proposamen guztien helburu nagusia mugikortasun eraginkorragoa, orekatuagoa eta eskualdearen benetako beharretara egokituagoa bermatzea dela.
“Mugikortasuna funtsezko tresna da lurralde-kohesioa eta aukera-berdintasuna bermatzeko. Horregatik, EAJ-PNV beti egongo da herritarren ondoan, haien beharrak entzunez eta zerbitzu publikoak erantzukizunez eta lan serioaren bidez hobetzen”, adierazi dute.
Jeltzaleen iritziz, etorkizuneko garraio eredua erakundeen arteko elkarlanetik eta entzute aktibotik eraiki behar da, mugikortasun jasangarria indartuko duten eta udalerrien arteko loturak hobetuko dituzten neurriak txertatuz, inor bazterrean utzi gabe.
“Alarmismoaren eta erabilera politiko interesatuaren aurrean, guk lanean, elkarrizketan eta Meatzaldearentzat benetan erabilgarriak eta errealistak diren irtenbideak eskaintzean sinesten dugu”, amaitu dute Meatzaldeako EAJ-PNVtik.
Nabarmenak...
LEMOIZ
2026/06/04
PORTUGALETE
2026/06/04
DURANGO
2026/06/03
BERRIA
2026/06/03
ONDARROA
2026/06/03
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












