Prentsa Aretoa
Berriak
2026/07/09
Durangaldeko EAJ-PNVk Eguneko Arreta Zerbitzua hedatzeko bide-orria eskatu dio Mankomunitateari
Alderdi jeltzaleak mozio bat erregistratu du gobernu-taldeak zerbitzuaren ezarpena zehatz dezan; proiektu pilotua bi urte baino gehiagoz atzeratu, haren zabalkundeari uko egin eta eskualde osorako hedapena inolako plangintzarik gabe utzi ostean.
Durangaldeko EAJ-PNVk mozio bat erregistratu du Mankomunitatearen hurrengo osoko bilkuran aztergai izateko, gobernu-taldeari plangintza zehatz bat exijitzeko Eguneko Arreta Zerbitzua eskualde osora hedatze aldera. Jeltzaleek aurkeztutako proposamenak lau hilabeteko epea jasotzen du kronograma bat osatzeko; bertan zehaztu beharko dira aurreikusitako urratsak, gauzatze-epeak eta zerbitzua pixkanaka bermatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak zein finantzaketa-iturriak.
Alderdi jeltzaleak adierazi duenez, Mankomunitateko aurreko gobernu-taldeak zehaztuta utzi zuen Gizarte Zerbitzuen Zorroa pixkanaka ezartzeko plangintza, eta Eguneko Arreta Zerbitzua zen horren ardatz nagusietako bat. Lehen urrats gisa, 2023an Abadiñon esperientzia pilotu bat abiatzea aurreikusi zen, zerbitzu hori Durangaldeko gainerako udalerrietara zabaltzeko oinarri izan zedin.
Hala ere, egutegi hori erabat aldatu da. “Kasurik onenean, zerbitzua ez da 2026ko udazkenera arte martxan jarriko, eta bi urtetik gorako atzerapena metatuko du. Gainera, esperientzia pilotuak hamar pertsona pasatxo artatuko ditu hasieran, eta gaitasun hori argi eta garbi ez da nahikoa Durangaldea bezalako eskualde baten beharrei erantzuteko ”, ziurtatu dute.
Alabaina, egutegi hori erabat desbideratu da. “Kasurik onenean ere, zerbitzua ez da 2026ko udazkenera arte martxan jarriko, eta horrek bi urtetik gorako atzerapena dakar. Gainera, esperientzia pilotuak hamar bat pertsona, gehienez, baino ez ditu artatuko hasieran; gaitasun hori argi eta garbi ez da nahikoa Durangaldea bezalako eskualde baten beharrei erantzuteko”, ziurtatu dute. Horri guztiari gehitu behar zaio gobernu-taldeak zerbitzuari ‘proba pilotu’ deitzen jarraitzen duela, araudia dagoeneko onartuta eta lizitazioa esleituta egon arren. Egoera honetan, jada ez dago esperientzia pilotu baten inguruan hitz egiterik, erabat eratuta dagoen zerbitzu berri baten inguruan baizik.
EH Bilduk uko egin zion zerbitzua hedatzeari
Halaber, EAJ-PNVk azpimarratu du 2026ko aurrekontuen negoziazioan zuzenketa bat aurkeztu zuela Eguneko Arreta Zerbitzua beste udalerri batzuetara zabaltzen hasteko, zehazki Berrizen eta Iurretan ezartzea proposatuz. Hala ere, EH Bilduk atzera bota zuen proposamen hori Abadiñoko Independenteak eta Garaiko Herriko Taldearen babesarekin; “Mankomunitatearen plangintza estrategikoak berak lehentasunezkotzat jotzen zuen zerbitzu baten pixkanakako hedapenean aurrera egiteari uko eginez”
“Ezin da gizarte-zerbitzuak indartzeaz hitz egin proiektuak atzeratzen diren bitartean; are gutxiago horiek zabaltzeari eta eskualdeko gainerako herrietara noiz iritsiko diren argitzeari uko egiten zaionean”, adierazi dute EAJ-PNVtik. “Lehenik eta behin, proiektu pilotua atzeratu egiten da; ondoren, baztertu egiten da zerbitzua beste udalerri batzuetara hedatzea. Bi urte geroago, erantzun bakarra hamar bat pertsonarentzako baliabide mugatu bat da, Durangaldeko gainerako herritarrek onura hori noiz jaso ahal izango duten jakiteko inolako bide-orririk gabe”.
Horregatik guztiagatik, eta herritarrei zein udalei ziurtasuna eskaintze aldera, alderdi jeltzaleak ezinbestekotzat jotzen du zerbitzu honetarako benetako plangintza berreskuratzea. Mozioak kronograma bat aurkeztea eskatzen dio gobernu-taldeari, bertan Abadiñoko esperientzia pilotuaren ebaluazioa, Eguneko Arreta Zerbitzua eskualde osoan pixkanaka ezartzeko aurreikusitako datak, eta hori guztia bideragarri egiteko beharrezkoak diren giza baliabideen zein baliabide ekonomikoen zehaztapena jaso dezan.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/07/07
BILBO
2026/07/06
BILBO
2026/07/03
SOPUERTA
2026/07/02
ZALDIBAR
2026/07/01
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
Kongresua
2024/12/06
EBB
2025/08/13


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












