Prentsa Aretoa

Berriak

2026/09/03

Markina-Xemeingo EAJ-PNVk EH Bilduri eskatu dio udal-brigadako langileekiko gatazkari premiazko irtenbidea emateko, udal-zerbitzuei kalte gehiago ez eragiteko

Alderdi jeltzaleak ohartarazi duenez, hilabeteetan zehar luzatutako arazo honek agerian uzten du udal-gobernuaren lidergo eta kudeaketa-gaitasun falta.

Ezagutzera eman
Markina-Xemeingo EAJ-PNVk EH Bilduri eskatu dio udal-brigadako langileekiko gatazkari premiazko irtenbidea emateko, udal-zerbitzuei kalte gehiago ez eragiteko

ARGAZKIA JAITSI

Markina-Xemeingo EAJ-PNVk kezka agertu du udal-gobernuak duela hainbat hilabetetik brigadako langileekin duen gatazkagatik, eta EH Bilduren gobernuari eskatu dio bere erantzukizuna bere gain har dezala, elkarrizketa indartu dezala eta udal-zerbitzuen ohiko jarduna lehenbailehen berreskuratzea ahalbidetuko duen irtenbide egokia lor dezala.

Jeltzaleek ez dituzte planteatutako lan-arloko aldarrikapen guztiak banan-banan baloratu nahi, ezta akordioaren eduki zehatza zein izan behar den aldez aurretik baldintzatu ere. Hala ere, agerikotzat jotzen dute gatazka luzatzeak Udalaren ohiko funtzionamenduari eta, ondorioz, Markina-Xemeingo herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuei kalte egiten diela.

Udalak berak argitaratutako oharrak aitortzen du ohiko hainbat lan egiteari utzi zaiola, kanpoko enpresak kontratatu behar izan direla eta aldi baterako ordezkapen-kontraturik ez egitea erabaki dela. EAJ-PNVren iritziz, egoera horiek agerian uzten dute arazoa jada ez dela barne-kontu hutsa eta udal-kudeaketan ondorioak izaten ari dela.

“Ez gara langileen aldarrikapen bakoitzaren inguruko eztabaida publikoan sartuko. Baina argi daukagu herritarrek ezin dituztela hilabeteak konpondu gabe daramatzan gatazka baten ondorioak ordaindu. Udal-gobernuari dagokio negoziatzea, lidergoa hartzea eta irtenbidea aurkitzea”, adierazi dute Markina-Xemeingo EAJ-PNVtik.

Jeltzaleek EH Bilduren udal-gobernuari eskatu diote komunikatu gurutzatuen dinamikari amaiera emateko, negoziaziorako ibilbide-orri argia ezartzeko eta udalerriko eguneroko mantentze, konponketa eta arreta-lanak normaltasunez egingo direla bermatzeko. Era berean, beharrezkotzat jotzen dute Udalak gardentasunez azaltzea gatazkak zerbitzuetan duen eragina eta kanpoko enpresak kontratatzearen ondorioz sor daitezkeen kostuak.

EAJ-PNVren iritziz, brigadaren egoera EH Bildu Udalean egiten ari den kudeaketa eztabaidagarriaren beste adibide bat da. Aurreikuspenaren, elkarrizketaren eta lidergoaren bidez bideratu beharko litzatekeen arazo bat hilabete luzez korapilatu da, Udalaren funtzionamendua eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak nabarmen kaltetuz.

Arazoak konpontzeko gaitasun falta hori are kezkagarriagoa da alkateak, irakaskuntza-jarduerara itzultzeko, Udalarekiko dedikazioa erdira murriztu duela kontuan hartuta.

“Erabaki pertsonal edo profesional oro errespetatzen dugu, baina hemen auzi politiko baten aurrean gaude. Konpondu gabeko gai garrantzitsuak daude une honetan mahai gainean eta Markina-Xemeinek udal-kudeaketan bete-betean arituko den alkate bat behar du. Ez al du gure herriak Udalari lanaldi osoa eskainiko dion alkate bat merezi?“, galdetzen dute jeltzaleek.

EAJ-PNVk oposizio irmoa eta arduratsua egiten jarraituko du, irtenbideak eta gardentasuna eskatuz eta herritarren benetako beharretan oinarritutako kudeaketa aldarrikatuz. Amaitzeko, gogorarazi dute Markina-Xemeinek ez duela behar arazoak luzatzea, ezta ardurak batzuek besteei egoztea ere, „elkarrizketa, lidergoa eta akordioak lortzeko gaitasuna behar ditu“.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!