Prentsa Aretoa

Berriak

2015/03/07

EAJ-PNVren adierazpena M8a, Emakumearen Nazioarteko Egunaren kariaz

NBE erakundeak 1975ean martxoaren 8a izendatu zuen Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz, EAJ-PNVren aldetik argi eta ozen esan nahi dugu emakume eta gizonen arteko berdintasuna, giza eskubidea izateaz gain, funtsezko eta beharrezko dugun faktorea dela Euskadin giza garapenaz gain gizartearen eta ekonomiaren garapena lortuko badugu.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren adierazpena M8a, Emakumearen Nazioarteko Egunaren kariaz

ARGAZKIA JAITSI

2015 urte honetan, hamar urte beteko dira Eusko Legebiltzarrean Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Legea onartu zenetik. Lege haren bultzadaren bidez berdintasunaren alde lortu izan den guztia azpimarratu eta goratzeko irmotasun berberarekin aitortu beharra dugu asko dugula oraindik egiteko. XXI. mende honetan oraindik ikusten dugu desberdintasunak eta genero diskriminazioak bere horretan dihardutela, eta kezka handiz ikusten dugu berdintasunaren ameskeriak egiazko parekidetasunaren lorpen eraginkor eta benetakoa geldiarazteko mehatxua dakarrela. Gainera, oro har, oraindik ere onartzen da gizonak emakumeak baino gehiago direla eta beraiek egiten dutena garrantzitsuagoa dela, eta hori da hainbat pertsona gazteren buruetan nagusitu den aurreiritzia. Halaber, kezka handiz ikusten dugu orain arte egindako bidean atzera urratsak eman direla. Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVren aldetik berretsi nahi dugu gizarte bidezkoagoa eta berdintzaileagoa lortzeko lanari ekiteko hartu dugun konpromiso eta erabaki irmoa, berdintasunik ezean, justiziarik ez dagoelako.

Horretarako, ezinbesteko eta premiazko ikusten dugu balore aldaketa, behar dugun gizartearen eraldaketa bultzatzeko eta bideratzeko, eta behin betiko desagerrarazteko emakumeen lan diskriminazioa; horrek dakarren arrakala sozial eta ekonomikoa; lan produktiboan eta ugalketa prozesuetan ematen den lan banaketa desorekatua; eta emakumeen kontrako bortxakeria, hori delarik emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik eta ondoriorik bortitz eta ankerrena. Jakin badakigu lan konplexua izango dela, borondate aldaketa horrek norbanako bakoitzaren pentsamoldean eragiten duelako. Helburu horrekin, EAJ-PNVren aldetik, gizarte hau osatzen dugun pertsona guztiei deitzen diegu, gure eguneroko bizimoduan gure erabaki eta portaeren bidez eraiki dezagun horren beharrezko eta gogoko dugun berdintasuna. Emakume eta gizon guztion lana da .

Hori dela eta, 2015eko martxoaren 8 honetan, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugularik, berdintasunak gizarte gisa aurrera egiten lagunduko digula, norbanakoen autonomia eta duintasuna hobetzen laguntzen duela, errespetua sustatzen duela eta demokrazian eta justizian aurrera egiten laguntzen duela argi izanik, EAJ-PNVren aldetik urrats sendoak ematen segitzeko dugun borondatea berresten dugu emakume eta gizonen arteko berdintasun egiazko eta eraginkorraren alde, horren beharrezko dugun balore aldaketa hori sustatuz. Zentzu horretan HITZA EMATEN DUGU: 

  • Beharrezko aldaketa bultzatuko dugula politikagintzan nagusi den eredua gizonezkoen botere eta lidergoan oinarrituta egon ez dadin, eredu horren biziraupena zaintza arduren banaketa ez ekitatiboari lotuta, eragozpen handia baita emakumeak politikagintzan sartzeko eta alor horretan aurrera pausuak emateko eta, oro har, emakumeek esparru publikoan parte har dezaten.
  • Gizarte aske eta garatuaren aldeko apustua egingo dugula, asmo lortuezina baita biztanleriaren erdiak beste erdiaren aukera berberak ez baditu.