Prentsa Aretoa

Berriak

2015/05/28

Juan Mari Aburtok "Bilbon ezer ere ez gelditzea" nahi du, eta harremanetan jarri da Udalean ordezkaritza jaso duten talde politikoekin

EAJ-PNV-ren alkategai hautetsiak agerian utzi nahi izan du akordioak lortzeko duen borondate argia, eta iragarri du lehen deiak egin dituela datorren astean bertan egingo dituen bilerak hitzartzeko eta "egitasmoak garatzea bermatuko duen gobernu sendo eta egonkorra" osatzea helburu.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Juan Mari Aburtok, Bilboko udalerako EAJ-PNVren alkategai hautetsiak gaur arratsaldez aurreratu du hasi dela, jada, Bilboko Udalean ordezkaritza lortu duten talde politikoetako ordezkariekiko harremanak. Datorren astean hasiko du gobernu sendo eta egonkorra osatzeko bilera erronda " Bilbon ezer geldirik gera ez dadin eta egitasmoek aurrera egin dezaten".

Aburtok agerian utzi du berak eta EAJ-PNV-k "etorkizuneko Bilbo eraikitzeko borondatea duten alderdiekin" akordioak lortzeko duten borondatea "enplegua, jarduera ekonomikoa eta bizitza kalitatea lehentasun gisa harturik". Era berean esan duenez, bakarrik gobernatzeko aukera dagoen arren "guztiekin hitz egin nahi dugu aniztasunean oinarrituta, denon artean Bilbo indartsuagoa eraikitzea helburu". Bilera horietan hizpide izango dute "Udalaren etorkizuna nola ikusten duten, garatu beharreko egitasmoak, talde bakoitzaren dinamikak eta talde ezberdinekin era guztietako akordioak lortzeko egon daitezkeen aukerak".

Bilboko alkategai hautetsiak oso ondo baloratu ditu EAJ-PNV-k iragan igandean lortutako emaitzak, eta azaldu duenez " Euskadin eta Estatu osoan ez dago halako datuak eman diren beste hiribururik" eta esan duenez "emaitzarik onenak izan dira Iñaki Azkunak 2011 urtean lortu zuen gehiengo osoaz geroztik". "Zerrendan hurrengo dugun alderdi politikoak lortutako botoak hirukoiztu ditugu (40.981 botoko aldea), haiek baino 9 zinegotzi gehiago lortu ditugu eta EAJ-PNV-k Bilboko barruti guztietan irabazi du" esan du. Ildo beretik, herritargo osoari eskertu nahi izan dio EAJ-PNV-ri hiribilduan eman zaion babes sendoa.

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak,bere aldetik, Bilbon txanda aldaketa egiteko orduan nagusitu den "normaltasun eta adostasun giroa" azpimarratu nahi izan du. "Ibon Aresok eta Juan Mari Aburtok naturaltasun osoz ekin diote Iñaki Azkunaren heriotzaz geroztik hasi zen txanda aldaketa prozesuari; eta lasaitasun osoz egin dute, elkarrekin lan eginez" azpimarratu du Bizkaiko burukideak. Era berean azaldu duenez " trantsizio lasai honek egonkortasuna ematen du eta Juan Mariren gobernu taldearen lan ona bermatzen du".

Atutxak ere baloratu ditu igandeko hauteskunde emaitzak. BBBren buruak esan du "oso onak" izan direla EAJ-PNV-k Bilbon lortu dituen emaitzak. "Horrek erakusten du herritarrek ondo baloratu dutela beraiekin eta beraien alde egin dugun lana". Aburtoren antzera, Bizkaiko jeltzaleen buruak esan du akordioak beharko direla erakundeei "egonkortasun handiagoa " emateko. Amaitzeko azaldu duenez "orain, Bilbon lortu dugun gehiengo zabalarekin, akordioak bilatuko ditugu hala nahi duten guztiekin; orain arte bezala, akordioak bilatzen segituko dugu gehiengo zabala izan dugun arren ”.