Prentsa Aretoa

Berriak

2018/05/14

Kepa Odriozola Azula izango da EAJ-PNVk Bilboko Udalean izango duen zinegotzi berria

Bizkai Buru Batzarrak eta Buru Batzarren Artekoak erabaki dute Odriozolak hartuko duela Ricardo Barkala Zumelzuk uztailean Bilboko Portuko zuzendaritza hartzeko utziko duen lekua

rss Ezagutzera eman
Kepa Odriozola Azula izango da EAJ-PNVk Bilboko Udalean izango duen zinegotzi berria

ARGAZKIA JAITSI

Kepa Odriozola Azula izango da uztailean EAJ-PNVk Bilboko Udalean izango duen zinegotzi berria, Bilboko Portua zuzentzera joango den Ricardo Barkala Zumelzuren ordez. Erabakia gaur arratsaldean hartu dute Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Buru Batzarren artekoak, talde jeltzalearen estatutuek halako kasuetarako ezartzen dutenari jarraiki.

Kepa Odriozolak Lantikeko zuzendari-gerente lanpostua utziko du eta Juan Mari Aburtoren lantaldean sartuko da. Ricardo Barkalaren lekua hartuko du, gaur egun eta uztailera arte Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren saileko zinegotzia eta alkateordea denarena. Barkala Eusko Jaurlaritzak proposatu berri du Bilboko Portuko Agintaritzako presidente.

Kepa Odriozola Azula Bilbon jaio zen 1962an eta Indautxuko Uri Erakundeko alderdikidea da 1991 urtetik. Deustuko Unibertsitatean Filologia eta Letretan lizentziatu zen, Historiako atalean, Espainia eta Euskadiko Historia Garaikidean espezializatua. Halaber 3. hizkuntza eskakizuna dauka eta ingeleseko B-1a, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

Bere ibilbide profesionala esparru publikoan eta pribatuan garatu da. Amorebieta-Etxanoko udalean Kultura, Kirola, Hezkuntza eta Euskara arloko zinegotzia izan zen 1991-1995 urte bitartean eta Kulturako zinegotzia 1995etik 1999era bitarteko agintaldian. Halaber, administraria izan da Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza sailean (1991-1994), Kirol Instalazioetako eta Kirol Jardueretarako Zuzendari eta Koordinatzaile izan da Guedan Kirol Zerbitzuak enpresan (1997-2006), eta enpresa bereko zuzendari orokor izan zen 2013 urtera arte. 2014an Odriozola Near Technologies enpresan Kontuen gerente izendatu zuten (2014-2015), eta 2015ean Lantik-eko zuzendari gerente bihurtu zen.