Prentsa Aretoa

Berriak

2018/11/09

Juan Mari Aburto Rique izango da, berriz ere, EAJ-PNVk Bilboko Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

Bilboko Buru Batzarren Artekoak gaur egungo alkatearengan daukan konfiantza berretsi du hiribilduko Udalean gaur arte egin duen lanari jarraipena eman diezaion

rss Ezagutzera eman
Juan Mari Aburto Rique izango da, berriz ere, EAJ-PNVk Bilboko Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

ARGAZKIA JAITSI

Juan Mari Aburto Rique izango da EAJ-PNVk Bilboko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia. Hala erabaki dute Bizkaiko hiriburuko hamahiru hiru erakundeek, Aburto aho batez aukeratu baitute maiatzaren 26ko hauteskundeetan EAJ-PNVren alkategaia izan dadin.

“Langilea, kementsua, lagunen lagun ona, bake gizona, gizarte desberdintasunen eta bidegabekerien kontrako borrokalari sutsua; autokritikoa, ekintzailea, etengabe hobetzeko helburuari begira dagoena, bere sinesmenekin eta idealekin leiala eta zintzoa, Athletikekoa, alderdikidea, Begoñako Amatxoren seme leiala eta, gauza guztien gainetik, Bilbotarra naiz eta harro nago”. Hala aurkeztu du bere burua Juan Mari Aburto Riquek, 2015etik Bilboko alkate denak. Gaurtik aurrera, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Buru Batzarren Artekoak proposatuta, Euzko Alderdi Jeltzaleak Bilboko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia da Aburto.

Martxoaren 28an jaio zen ‘Esne tanta’ izeneko klinikan, gaur egun Indautxu hotela dagoen tokian. Helio, aita,Deriokoa zen eta Bizkaiko Aurrezki Kutxako langilea izan zen: “botones” gisa laguntzaile lanetarako sartu zen eta BBKn erretiratu zen, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanen arduradun gisa. Mariví, ama, Fikan jaioa, “etxekoandre bikaina eta zaindari aparta”. Juan Mari nagusitan euskaldundu zen eta Hirugarren Hizkuntza eskakizuna dauka. Dena dela, euskal giroan hazitakoa da eta hurbiletik bizi izan du beti euskararen ezagutza era erabilera bultzatzeko ahalegina.

Zurbaranen hazi zen, Hegoaldeko saihesbidearen hasieran, Guridi Musikariaren enparantzan. Etxebarria lantegian hartu ohi zuen autobusa Santiago Apostolua Ikastetxera joateko. 8 urte zituela, familia osoa Luis Briñas kalera joan zen bizitzera, Ingeniaritza Eskolaren aurrean. “Futbolean aritzen ginen han, ingurua urbanizatu gabe zegoen garaian. San Mamesek egurrezko ateak zituen eta egurrean zulotxoak zeuden. Lagunekin zulotxo haietatik saiatzen ginen partidak ikusten... Iribar eta Txetxu Rojo miresten nituen nik”. Luis Briñas kalean 18 urte bete arte bizi ondoren, sendi osoa Areetara joan zen. Han bizi izan zen Aburto 1987an Arantza Díez deustoarrarekin ezkondu arte. Deustura ezkondu eta... gaur arte .

Nerabezarotik datorkio EAJ-PNVrekiko duen harremana. 14-15 urte zituela Alderdi Egunera joaten hasi zen, berezko zuen gogoak bultzatuta. Bereziki gogoratzen du 1982ko Alderdi Eguna, Getxokoa. “Euri jasa itzela izan zen egun hartakoa, eta Arantza eta biok gurasoen etxera joan behar izan genuen sikatzera. Aitak eta amak egun hartan ezagutu zuten errain izango zutena”. Ahaztuko ez duen beste zerbait da “Iñigo Urkullu izan zela Alderdi Egun hartan hitz egin zuen EGIkidea”. “Gaur egun harrotasun handiz esaten dut lagun dudala, bere ondoan eta bere agindupean lan egin izan dut, euskal politikaren erreferente nagusienetakoa dut, zalantzarik gabe”.

Santiago Apostolua Ikastetxean ikasi zuen batxilergoa, eta han fedea lantzen zuten taldeetan sartu zen. Orduko garaietatik datorkio konpromisodun pertsona izatea, fede handikoa izatea eta “apaltasun osoz” sinesten duen baloreen arabera jokatzea. “Gogoan dut lanean ibili ginela hainbat landa-lanetan San Martín de Elines herrian, Kantabrian; Tartalés de los Montesen, Burgosen... Landa-lanetan laguntzen saiatzen ginen baselizak edo kolegio-elizak konpontzen. Apaltasuna, austeritatea eta konpromisoa ere genituen helburu, baloreetan oinarritutako bizimodua bizitzeko: solidariotasuna, laguntasuna...”.

Aburto Bilboko La Salle ikastetxean matrikulatu zen, Arantza emaztea ezagutu zuen eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen 1979 eta 1984 urte bitartean. “Unibertsitatean ikasi nuen pertsonekiko harremanez, eta Zuzenbidearen bidez nire ardurak eta kezkak bideratzeko aukerak izan ahal nituela”. Karrerako lehen ikasturtean CEN taldea ezagutu zuen (Ikasle Abertzaleen Batzordea) eta Ondarretako Batzokian alderdikidetzea erabaki zuen, baina gauza bat zela bestea zela, ezin izan zuen. Deustuko batzokian alderdikidetu zen 1990 urte amaieran, EAJ-PNV alderdian gorpuzten ziren baloreek erakarria, humanismoan oinarritzen zela eta pentsamolde kristauetatik eratorria zela sinetsita.

HERRIAREN ZERBITZURA

Ordurako, Bizkaiko Foru Aldundian ari zen lanean. 1985ean Administrazio Orokorreko Teknikaria aukeratzeko oposizioetan aurkeztu zen eta 1986 jabetu zen lanpostuaz. Ordutik aurrera, eta 28 urte igaro dira, Aburtorena zerbitzu publikoari emandako ibilbidea izan da.

1991 eta 1994 urte bitartean Eusko jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Zerbitzuetako Zuzendari izan zen; 1994 eta 2003 urte bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiko Erregimen Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari izan zen; 2003 eta 2011 urte bitartean, Gizarte Ekintzako Foru Diputatu; 2011tik 2012ra bitartean Lehendakaritzako Foru Diputatu eta Ahaldun Nagusi orde; 2012 urte amaieratik 2015eko hasierara Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien Sailburu eta, 2015ko ekainaren 13tik aurrera, Bilboko alkate.

Aldi honetan, Aburtoren konpromiso soziala, pertsonekiko duen hurbiltasuna eta lantaldeak antolatzeko eta zuzentzeko duen gaitasuna izan dira bere ezaugarririk ezagunenak. Erakuslerik argiena da Bilbo eta Bizkaia osoko elkarteekin duen harreman ezin hobea. “Gizarte Ekintzan zortzi urtez aritzeak irakatsi didan zerbait da elkarteek garrantzi handia dutela. Gizarte Ekintzako Diputatu nintzelarik hasi nuen bidean harreman zuzena izatea erabaki nuen, eta elkarteek duten balio handi hori ondo baliatu behar zela ikusi nuen. Elkarteak eta taldeak oso garrantzitsuak izan dira Bizkaian gizarte esku hartze alorrean”. Gaur egun, Aburtok harreman zuzena du eta lankidetza aktiboa mantentzen du Cáritasekin, WOP ekimenarekin, Sabino Arana Fundazioarekin eta Euskadi Txirrindularitza Fundazioarekin, besteak beste.

Futbolzale amorratua da eta 1972tik aurrera Athletiken bazkide ere bai. “Aitak bazkidetu ninduen” gogoratzen du hunkituta eta harro.Eta San Mameseko hitzorduetara falta barik joaten da, baina batean alkate den aldetik daukan erantzukizunari erantzuteko eta bestean bere seme biekin. Athletik Kluba bere pasioetako bat da baina zaletasuna La Salle eta Deustun 18 urtera arte jokatu zuen alditik datorkio. Gazte denborako kirola uztean entrenatzaile hasi zen eta OHOko 5. Taldekoak hasi zen entrenatzen La Salle ikastetxean. Bigarren Erregionaleko partidak zuzentzera ailegatu zen. 1987ko maiatzaren 9an ezkondu nintzen, larunbata, eta hurrengo egunean partida genuen: La Salle Karrantzaren kontra. Han izan nintzen ni.

Juan Mari Aburtok bihotz handia dauka eta hunkitu egiten da emazteaz galdetzen zaionean. “Arantza da nire bizitza osoko maitasun handia eta bakarra. Une latzenetan sostengatzen nauena, nire bizitzan eta familia osoan lasaitasuna,oreka eta segurtasuna bermatzen duena. Semeei esaten diet aita langilea eta ekintzailea dela, bai, baina etxeko bizkorrena ama dela. Eta, hala da”.

Aburtok gogoan du seme nagusia 1990an jaio zela eta 1991 urtean Juan Maria Atutxaren eskutik Herrizaingo Sailean sartu zela. “Esperientzia handia izan zen, baina urte mingarriak bizitzea tokatu zitzaigun. Gogoan ditut Atutxaren hitzak: ‘Zuen emazteak ez aurkeztu niri, gero! gorroto egingo naute eta’. Gero denek bihotzez estimatzen zuten, baloredun pertsona ezin baita sekula gorrotatu”.

Juan Mari definitzeko hitz bat? “Juan Mari ‘pertsona humanoa’ da, esaten zioten Aldundian erdi brometan, bere balore humanistengatik, beti agerian. José Luis Bilbao ere lagun handia du eta politikaren erreferente nagusienetakotzat du Aburtok. Bilbaok esaten zuen Aburto dela “bigarren eskuko autoa lasai asko erosiko diozun pertsona hori. Inoiz ere ez dizu iruzur egingo. Fida zaitezke, beti”.

Aburtori inoiz galdetu diote bere baloreekin ez ote zaion politikan parte hartzea zail egiten. “Guztiz alderantziz. Politikak eman dit neure baloreak eta neure sinesmen eta bizipenak praktikan jartzeko aukera”.

Aburtorentzat ia ezinezko gertatzen da Juan Mari Aburto pertsona eta Juan Mari Aburto zerbitzari publikoa banatzea. Horregatik, bere haragi eta odoletan sufritzen du pertsonen duintasunarekin zerikusia duten baloreak auzitan jartzen diren guztietan. Horregatik defendatzen du horrenbeste babes sozialerako euskal sistema, Espainiar estatu osoan parekorik ez duena. “Jokoan dagoena milaka pertsonen duintasuna da, eta horixe da funtsezkoena”.

Juan Mari definitzerakoan esan daiteke pertsona guztien duintasuna eta bizitza kalitatea sutsuki defendatzen dituen alkatea dela, nagusi zein gazteena, emakumeena, umeen eskubideena, langabeena, egoera ahulenean daudenean… denak dira ezinbesteko bere ibilbide orrian, bizitzan zein politikan.

Zentzu horretan, eta azken krisiaren ondorioz, bereziki kezkatuta agertu da Bilboko gazteen etorkizunagatik “lan munduratu behar duten garaian oso aldi txarra bizitzea tokatu zaielako. Trebatuta eta prest daude eta jauzia eman behar dute beren bizitza profesionala eta pertsonala hurrengo mailara eramateko. Gazteak animatu nahi ditut helburu handiak izan ditzatela, bide erdiko lorpenekin konforma ez daitezela, topera ekin diezaiotela, horrela baino ez diegulako erakutsiko lan gogorraren eta esfortzuaren benetako balioa”.

BILBOKO ALKATEA

2015eko ekainaren 13tik hona Bilboko alkate gisa egin duen bidearen balantzeari erreparatuta, Juan Mari Aburto pozik dago udal kudeaketan egin den lanarekin, urte guztietako lan honen ezaugarri nagusienak izan direlako akordioak, egonkortasuna, zintzotasuna eta Bilboko hiritarren zerbitzura egin den lan etengabea. Agur adeitsua bidali nahi die EAJ-PNVren udal taldea osatzen duten pertsona guztiei eta, oso bereziki, lagun eta gizarte politiketan maisu izan duen Iñigo Pombori, Tomas del Hierro zerbitzari publiko beterano eta eskarmentudunari eta balore handiak dituen eta profesional zorrotza den Gotzone Zaldunbideri. Hirurak ditu gaur egun lankide baina ez dute hurrengo agintaldian jarraituko.

Amaitzeko, Juan Marik Alderdiari eskertu nahi dio Bilboko etorkizuna bultzatzen jarraitzeko eta Bilboko hiritar guztien bizitza kalitatea hobetzen jarraitzeko aukeratzean erakutsi dion konfiantza. “Nire konpromiso irmoa da urteko 365 egunetan nire ehuneko ehuna ematea. Atsedenik gabe. Hurbiltasunez eta herrikideek adieraziko digutena entzuteko prest. Bilboko eta bere auzo guztietako alkate izateak ematen didan harrotasunagatik”.