Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2018/12/27

Bizkaiak 2019an izango dituen aurrekontuen alde bozkatu du Euzko Abertzaleak taldeak

Jon Andoni Atutxa izan da talde jeltzalearen bozka azaldu duena, hurrengo ekitaldirako kontuak onartu diren osoko bilkuran. Atutxaren esanetan agiri “orekatua” da, legealdirako ezarri ziren bost lehentasunei erantzuten diena.

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak 2019an izango dituen aurrekontuen alde bozkatu du Euzko Abertzaleak taldeak

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak (EAb) taldeak aldeko botoa eman du gaur Bizkaiak 2019rako izango dituen aurrekontuen bozketan, gaur goizean Gernikako batzar-etxean egin den osoko bilkuran. Honenbestez, gaurko bilkuran onartu dira herrialde honek hurrengo ekitaldian izango dituen aurrekontuak. Talde jeltzalearen botoa azaltzera irten da Jon Andoni Atutxa bozeramailea, eta bere poza adierazi du legealdi honetarako ezarri ziren bost lehentasunak jasotzen dituen aurrekontuak onartzea lortu delako: “Gizarte zerbitzuei eta pertsonei eman beharreko arretari eustea; ekonomia suspertzea eta enpleguaren sorrera bultzatzea; Bizkaia nazioartekotze bidean jartzea; herrialde eta gizarte mailan kohesionatuago egongo den Bizkaia sustatzea, eta Administrazio modernoagoa, hurbilagoa, eraginkorragoa eta gardenagoa bultzatzea”.

Atutxak era berean gogoratu duenez “legealdi honetako azken aurrekontuak izango dira” eta onartuak izan dira “foru gobernua babesten eta osatzen dugun taldeen botoekin, EAJ-PNV eta PSE taldeen babesarekin”, hau da , “indar politiko desberdinen aldetik. Indar politiko ezberdinak gara, bakoitzak ditu bere proiektuak eta marko ideologikoak, baina Bizkaia herrialde honen eta bertan bizi garen guztion lehentasunei buruzko analisia partekatzen dugu”.

Iragan astean, Ekonomia eta Ogasun batzordean, Bizkaiko Foru Aldundiaren zortzi sailetarako prestatu diren aurrekontuak aztertu eta eztabaidatu ondoren, Batzar Nagusiek gaur eman diote amaiera hurrengo ekitaldirako Aurrekontuen Foru Arau Egitasmoa onartzeko izapideari. Kontu hauen bidez datorren urtean mugiaraziko dira “Bizkaiaren zerbitzura jarriko diren 1.253 milioi euro, 1.253 milioi euro Bizkaiko emakume eta gizonentzat”, azpimarratu du bozeramaileak. Era berean zehaztu duenez “aurrekontu orekatua egin dugu”. Horregatik EAb taldeak “ez ditu onartu oposizioko taldeek aurkeztu dituzten hainbat zuzenketa-eske. Kontu publikoek oreka behar dute. Lehenagotik hartutako konpromisoak bete behar dira, partidak ezin dira neurriz kanpo gainfinantzatu eta Aurrekontu Proiektuan ez ditugu jaso behar hiritargoaren beharrei erantzungo ez dieten partida txikiak”, azaldu du Jon Andoni Atutxak, “hori ez da oreka”.

Atutxak zehaztu da aurkeztu diren hainbat zuzenketek ez dutela arrazoirik. “Besterik gabe partida handiagoak jartzea ez da hobeto kudeatzea”, nabarmendu du. Ildo beretik, beste zuzenketa batzuk daude, bozeramailearen esanetan, zerbitzuak ematea eta Aldundiaren funtzionamendu egokia ezinezko egiten dutenak; eta beste batzuek suposatuko lukete “Foru erakundeak lehenagotik dituen konpromisoak apurtzea, urte askotarako konpromisoak,bereziki”. Baina hobekuntza batzuk ere jaso dira aurrekontu hauetan. “Kasu batzuetan oposizioko talde batzuekin adostuak izan dira eta beste batzuetan foru gobernua babesten dugun taldeek eskatuak, eta neurri handi batean ere jaso ditugu hiritarrek eginiko hainbat ekarpen”, gaineratu du .

“Euzko Alderdi Jeltzaleak aurrekontu honen alde bozkatuko du”, ezarri du batzarkide jeltzaleak “Bizkaiko emakume eta gizonentzat egina delako; enplegua bultzatzen duelako pertsonen etorkizuna bermatzera begira; herrialdeko jarduera ekonomikoan eragiten duelako pertsonentzako ondorioak ekar ditzan; zerbitzu publikoak indartzen dituelako pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko. Laburbilduz, bizkaitarren bizitza kalitatea hobetzen duelako”, amaitu du.