Prentsa Aretoa

Berriak

2019/06/17

Ana Otadui: "Batzarkide guztien presidentea izan nahi dut, bai eta bizkaitar guztiena ere”

Ana Otadui Biteri jeltzalea izango da, bere bigarren agintaldian, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea. Bizkaiko ganbera oso anitza da, bost alderdi daude bertan ordezkatuta eta beren artean Euzko Abertzaleak taldea da batzarkide gehien dituena. Hain zuzen ere, jeltzaleak dira 51 batzarkideetatik 25, eta lehen aldiz emakumeena izango da gehiengoa.

rss Ezagutzera eman
Ana Otadui:

ARGAZKIA JAITSI

Bizkaiko Batzar Nagusiak balio osoz eratu dira. Ana Otadui Biteri jeltzalea izango da Bizkaiko ganberako presidentea. Euzko Abertzaleak (EA) batzarkide taldea handiena izango da 51 batzarkide guztietatik 25 ordezkari jeltzale direlarik. Presidente lanak egiten dituen bigarren legealdia izango da eta Otaduik aditzera eman du bere helburu nagusiena dela batzarkide guztien presidentea izatea, ai eta bizkaitar guztiena ere”. Gernikako Batzar Etxeak hartu du gaur XI. Legealdiko lehen osoko bilkura, bere historian lehen aldiz emakumeak (26) gizonak (25) baino gehiago izango direlarik. Halaber, 21 izango dira batzarkide karguaz lehen aldiz jabetu direnak.

Ana Otadui aukeratu dute Bizkaiko parlamentuko ordezkari goren 2019-2023 legealdirako. Zuzenbidean lizentziatua da, Elorrioko herritarra da eta bere jaioterriko zinegotzi eta alkate izan da, bai eta Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide ere. Ana Otaduik aginte makila jaso du adin mahaiko presidentearen eskutik eta altxatu ondoren batzarkide guztien txalo zaparrada beroa jaso du, altxatuta Batzar Nagusietako ordezkari gorena omendu dutelarik. Otaduik bere lehen hitzak esan ditu berarengan jarritako konfiantza eskertzeko “niretzat hain egun zoriontsuan”. Jarraian adierazi du bere helburua dela “bizkaitar guztien eta batzarkide guztien presidentea izatea”. Era berean baieztatu du legealdi berrirako helburu bikoitza ezarri duela. Alde batetik “ahal dudan guztia egingo dut erakunde hau ezagutzera emateko eta ahalegin guztiak egingo ditut emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko”. “Gaurko egunez karguaz jabetu naiz arduraz eta erantzukizunez. Ahalegin guztiak egingo ditut hitzaren etxea den honetan politikagintzaren elementurik behinenak eta adierazgarrienak eman daitezen: akordioa eta ezberdinen arteko topagunea. Hori da hiritargoak eskatzen diguna”, amaitu du.

Batzar Nagusietako Mahaian ondoan izango du lehen idazkari lanetan Koldo Mediavilla Amarika alderdikide jeltzalea. Mediavilla kazetaria da lanbidez eta Komunikazio zuzendari nagusi eta Presidentetzako idazkari nagusi izan zen Bizkaiko Foru Aldundian.