Prentsa Aretoa
Berriak
2025/09/04
Bilbo gune tentsionatu bilakatu da: urrats erabakigarria etxebizitza eskuragarria ahalbidetzeko, bereziki gazteentzat
Juan Mari Aburto alkateak adierazi du izendapen hau “beste urrats bat” dela gizartearen ardura nagusienetako bati erantzuna emateko, eta erantzukidetasuna eskatu du etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea bermatzera begira

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak gaur goizean gauzatu dute hiria bizigune tentsionatu izendatzeko deklarazioa. Euskadin kalifikazio hau lortu duen hiri nagusia da eta bigarrena Estatuan (Bartzelona da lehena). Deklarazio honek aukera emango du alokairuko etxebizitzen prezioak mugatzeko, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko eta etxebizitza duina eskuratzeko laguntzak indartzeko. Deklarazioa indarrean sartuko da adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean eta, aditzera eman dutenez, argitaratu egingo dute “urriaren hasieratik eta azaroaren hasierara bitartean”. Etxebizitza eta Hiriko Agenda gaietarako sailburu Denis Itxaso ondoan izan duela, Juan Mari Aburto alkateak Bilbo gune tentsionatu izendatzeko ekitaldian adierazi duenez erabaki hau “urrats berri bat da etxebizitza eskuragarria merkaturatzeko, bereziki gazteentzat”, eta berretsi du etxebizitza dela gaur egungo erronka sozial eta ekonomikorik nagusienetakoa. “Erantzukizun partekatua behar dugu, eta denok urratsak ematea etxebizitza duina eskuratzeko erraztasunak eskaintzeko; erakundeek, etxebizitza publikoan inbertituz, alokairu egokiak sustatuz, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzera animatuz eta etxebizitza politikarik onena soldata duinak bermatzea dela defendatuz, bereziki gazteentzat”, gaineratu du.
Bilboko Udalak, EAJ-PNVren kudeaketarekin, iragan apirilean eskatu zuen hiri osoa gune tentsionatu izendatzea. Eskari hau azken aldian egin diren hainbat azterketetan du oinarria, zeinetan argi utzi baita etxebizitzaren kostea guztiz jasanezina dela biztanleriaren errentarako: hipotekaren edo alokairuaren bataz besteko zama, oinarrizko gastu eta hornigaiez gain, bizikidetza unitateen edo pertsonen aurrekontuaren %30tik gorakoa da. Neurri honekin EAJ-PNVk hiritarren eskariekin hitzemanda daukan konpromisoa berresten du, argi baitu etxebizitzaren arazoa konpontzea dela erakundeetan egiten duen lanaren lehentasunik nagusienetakoa.
DATOZEN URTEOTARAKO ASMO HANDIKO EKINTZA PLANA
Hiria gune tentsionatu izendatzeko deklarazioari lotuta, datozen hiru urteotarako Ekintza Plana aurreikusita dago, bost ardatz estrategiko nagusitan bildu diren neurri zehatzak jasotzen dituena:
1. Alokairu eskuragarria sustatzea, etxebizitza publiko berriak sustatuz eta hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea bultzatuz. Etxebizitza alokairu babestuko araubidera mugiarazteko programa, zeinaren bidez 2026ko lehen hiruhilekoan hutsik dauden etxebizitzen inbentarioa eguneratuko baita, etxebizitza hutsa deklaratzeko prozedura diseinatzea eta aplikatzea, eta alokairu eskuragarrirako programa publikoek dakartzaten onurak ezagutarazteko kanpainak egitea.
2. Hiri-berroneratzea eta bizitokien egoera hobetzea. Dauden eraikinetan esku hartuko da etxebizitzen egungo eskaintza handitzeko eta beren kalitatea hobetzeko. Halaber, 1.090 baliabide berri eraikitzea aurreikusten da, hauetatik:
- 890 Eusko Jaurlaritzak sustatuko ditu, Bolueta eta Zorrotzaurren alokairurako egiten ari diren Babes Ofizialeko 385 etxebizitzak eta Gorte kaleko, Olabeagako, Larreagaburuko eta Boluetako 182 etxebizitza sozialak.
- Bilboko Udalak 200 zuzkidura-bizitoki sustatuko ditu Ametzolan, Gaztelondon eta Arabellan, 25 milioiko inbertsioarekin.
3. Gizatalde ahulentzat alokatzeko laguntzak eta babesak indartzea. Prestakuntza berriak garatuko dira gazteen emantzipazioa babesteko, eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko ematen dituen laguntzak koordinatuko dira, lan merkatura sartzeko zailtasunik handienak dituzten kolektiboak lehenetsiz.
4. Gune tentsionatuetan alokairuko etxebizitzen prezioak arautzea eta kontrolatzea. Neurriak jarriko dira alokairuko etxebizitzen prezioei kontrola jartzeko, kontratuen baldintzak zabaltzeko, jabe handien aldetik birgaikuntza sustatzeko eta jabeen komunitateei laguntzeko, biziguneetan etxebizitza turistikoak mugatzeko orduan.
5. Gobernantza eta erakundeen koordinazioa. Jarraipena egiteko sistema ezarriko da Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Alokabide eta Etxebideren artean, aurreikusita dauden neurri hauek behar bezala betetzen direla bermatzeko.
Adierazpen honek aurrerapausu esanguratsua dakar Bilbon etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoari eraginkortasunez heltzeko, bereziki gazteen eta zailtasunik handienak dituzten kolektiboen mesedetan. EAJ-PNVk erakundeen artean eramango duen elkarlanak eta talde jeltzaleak erronka honekin daukan konpromiso politikoa elementu nagusi izango dira neurri hauek benetako hobekuntza bihur daitezen Bilboko biztanleen eguneroko bizimoduan.
Nabarmenak...
Bizkaia BBNN
2025/09/25
Bizkaiko Foru Aldundia
2025/09/25
DURANGO
2025/09/21
Enkarterri
2025/09/15
Ezkerraldea - Meatzaldea
2025/09/15
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Europako Legebiltzarra
2024/05/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
EBB
2024/09/29
Europako Legebiltzarra
2024/05/22